miércoles, 25 de mayo de 2016

EKONOMIA JASANGARRIA - Ikasle Foroa-2016

Udaletxeko areto nagusian, alkateari eta herriari egindako lana azalduz (2016-05-24)
goiherriko hitzan berria
goiherriko hitzan beste berri bat 

Diagnostikoa garatzeko egindako ekintzak
Aurten Ekonomia jasangarria izan dugu aztergai, hau da, ingurumena kaltetu gabe, garapen ekonomikoa baimendu eta denon arteko berdintasuna sustatzen duen ekonomia mota. Lehen hezkuntzako 1. eta 2. mailakoek gizonek eta emakumeek lan berdinak edo desberdinak egiten dituzten ikertzen ibili gara. Lehen hezkuntzako 3. eta 4. mailakoek herriko dendetan erosketa jasangarriagoa egiteko zein aukera dagoen eta kontsumo ohiturak nola aldatu diren aztertu dugu. Lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek gure inguruko baserritarren bizitza nolakoa den, nola aldatu den eta ingurumen ikuspuntutik baserriak jasan dituen aldaketak aztertu ditugu.
Ondorioen laburpena 
Ikusi dugu, lehen emakume gehienek etxean egiten zutela lan eta orain batez ere 3. sektorean, zerbitzuen arloko lanetan. Gizonak, aldiz, gure birraitonen garaian baserrian, hau da, 1. sektorean aritzen ziren, baina orain gehienak lantegietan, hau da 2. Sektorean dabiltza eta beste asko 3. sektorean ere aritzen dira. Konturatu gara lehen denda gutxiago zegoela eta produktu mota gutxiago, orain aldiz, denetik saltzen duten supermerkatuak denda txikiak ixtera bultzatu dituzte. Kontsumoa gora joan den heinean, ingurumenean kaltea handitzen joan da, geroz eta hondakin gehiago sortzen delako. Gure herrian kontsumo jasangarria izateko nahikoa denda dagoela uste dugu. Baserritarrek orain baserrian eta kanpoan egiten dute lan, eta makina eta tresna berrien laguntzarekin produkzioa handiagoa izatea lortu dute. Hobetu diren gauzen artean energia berriztagarrien erabilera, ingurumena hobeto zaintzea eta animaliei ematen zaien tratua (bai elikadura aldetik eta baita zaintzeko alderditik) dira aipatzekoak. Hobetu beharreko gauzen artean, ongarri kimikoen erabilera eta kutsadura dira batik bat aipatutakoak eta bereziki baserriari zor zaion garrantzia kontutan hartzea.
Ikasleek hartutako konpromisoak
Neska edo mutila izan gauza berdinak egiteko eskubidea dugu eta gure konpromisoa honako hau da: “Norberak nahi duena izateko aukera errespetatuko dugu, genero ereduak saihestuz.” Gure kontsumo ohiturek ingurunean duten eragina ikusirik honakoa egingo dugula erabaki dugu: “Behar ez ditugun gauzak norbaiti emango dizkiogu, adibidez: jostailuak, arropa, liburuak...”. Horregatik, baserritarren bizitza hobetzen jarrai dezan denon artean erabakitako konpromisoa hau izan da: “Baserriko, bertako eta garaiko produktuak kontsumituko ditugu.”
 Ikasleek egindako eskaerak eta proposamenak 
Honez gain, Udalen parte-hartzea beharrezkoa ikusten dugu gure herrietako eta bailarako ekonomiak jasangarritasunaren bidean aurrera egin dezan. Horregatik, zenbait proposamen adostu ditugu. Hemen aurkezten dizkizuegun hauek izan dira gure artean bozketa baten ondorioz garrantzi edo lehentasunez tratatzea gustatuko litzaizkigukeenak:
1. Gizon eta emakumeen lanarekiko berdintasunaren aldeko kanpainak egitea. Kanportarren eta adimen urritasuna dutenen integrazioa bultzatzeko kanpainak egin.
2. Udalak eta udalaren menpe dauden azpiegiturek egiten dituzten erosketetan hornitzailearen jasangarritasun irizpideak erabiltzea.
3. Bidegorriak bizikletentzat uztea.